XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ONGI ETORRI Euskal Gobernua

Horra beraz gobernu berri baten jabe dugula Euskal Herria.

Eta zein gogotik eginen dion ongi-etorri bera batere euskaldun den batek bere Jaurlaritza berrituari.

Nahi duenak nahi duena, baina ez erran neri ez dela hori iparralde huntakoen afera, baizik hegoaldekoena.

Gobernu batekin badu euskal lurrak bere agintaritza barnean, eta kanpoan, mundu guziaren aintzinean, bere ezagutza ofiziala, euskal mintzairak, kulturak, ekonomiak bere zuzenen zaintzalea, eta horrek ni hunkitzen nau, bai-eta zu ere, beste gobernu batzuen menekoak eta oro, Nafarroa Otxagabiako oihantzaina, Santa-Graziko artzaina, Bizkai-Elantxobeko arrantzalea, nola Mondragoi-Arrasateko industrilaria edo Agurain aldeko nekazaria Araban eta Gipuzkoar-Lapurtarrak.

Gizonak, eta berdin emazteak, alda daitezke gobernu eta kargu guzietan, Jaurlaritzan etorriko dira Lehendakari berriak, bai-eta sailburuak nekazaritza, industria, kultura edo kanpoko zeretan... alderdiak ere bai beren eskuin ezker edo bien artekoekin, hauen hautuak ez dira beti zureak edo nereak izanen, irakurle adiskidea, baina hori dugu gizonen arteko hautsi-mautsien irriskua eta hola da bakarrik izanen gobernu hori ororen gobernua, xuriena eta beltxena edo gorriena berdin, agian denen onetan.

Beti ageri bat edo aintzindari bat behar baitute erakundeek, hor izanen dira euskaldunarentzat ikuriñak eta ezagutgarriak, bere Lehendakari eta Sailburuekin, egun kolore bateko eta bihar besteko.

Denaden, ez dugu hor guk alderdi bat edo kolore bat ikusiko xoilki baina Euskal Herria, hunen zerbitzuko baitira oro emanak eta hautatuak.

Eta ez erran neri, erran izan den bezala, beste politika batean sartzea dela hori.

Politika da bai gurea, baina ez batere beste politika bat.

Gu, hemengotarrak, beti ohoratuko gaituen politika bakarra, huna zein den: herri huntan sorturik, edo hunen hautua eginik, hemengo euskaldun izaitearen politika, lur hunen eta hemengoen anaitasunez.

Horren izenean dio HERRIAk ongi-etorri beroena egiten Euskal Gobernuari.